euskarabildua

Zenbat kutsatzen du like ❤️ batek? Mundu osorako Internet jasangarrirantz

Garai oso berezia bizi dugu gaur egun, antropozenoaren aroa, gizakiak Lurran daukan eraginaren aroa, alegia. Aro hau, gainera, gizadiak inoiz aurre egin behar izan dion erronkarik handienetakoak markatzen du: larrialdi klimatikoa.

Frutak plastikoz inguratuta ikusten ditugu supermerkatuan, eta asaldatu egiten gara -arrazoi osoz-. Ordea, sarean segunduro mugitzen ditugun miloika datuek duten eragin ekologikoa ez dugu ikusi ere egiten. XXI. mendeko teknologiak abiadura ezin azkarragoan ari dira garatzen eta gure bizitzako eremu guztiak digitalizatzen ari gara jasangarriak ote diren kontuan hartu gabe.

Atzeraezineko aldaketa klimatiko eta muturreko desberdintasun sozialen garai honetan, azpiegitura teknologikoek duten eraginaz hausnartu nahi dugu aurtengo Euskarabilduan. Munduaren amaiera distopikoetatik harago, etorkizun posible desiragarriak aztertzen saiatuko gara: Hodeiaren azpian ezkutatzen den kontrsumo neurrigabeaz eta horien gaineko alternatibez.

 

Egitaraua

  • 09:00: Aurkezpena
  • 09:15: Sarrera: Zein da gure beste aztarna digitala?
    • Sandra Perez (Iametza)
  • 09:30: Hitzaldia:  Por qué Sillicon Valley no nos salvará del cambio climático
    • Spideralex (Donestech)
  • 10:00: Hitzaldia:  Momentánea... ¿estás ahí? una reflexión personal sobre el tiempo y los recursos
    • Guatemalako kidea (Momentánea Ciberfeministas Guatemala)
  • 10:30: Hitzaldia:  How (not) to build a solar powered internet.
    • Kris De Decker (Low-tech magazine)
  • 11:00: Atsedena 
  • 11:30: Hitzaldia:  Euskal Herria Solar Punk
    • Beñat Irasuegi (Talaios, TEKS)
  • 12:00: Hitzaldien blokea:  Etorkizuna marrazten - kasu praktikoak
    • FairPhone - Iratxe Acha
    • Onaro - Xabier Igartua
  • 12:30: Hitzaldien blokea: Hizkuntza teknologiak
    • Hitzaldia: Sobirania tecnològica, sobirania lingüística
      • Ona de Gibert Bonet (Bartzelonako Supercomputing Center)
    • Hitzaldia: Euskara, software librea eta ingurumena: iraunkortasunaren inguruko gogoetak
      • Asier Iturralde Sarasola (Librezale)

 

Visual thikinga: Aare Castilla eta Ainhoa Garcia (MAKE IT VISUAL)

Hizlariak

Spideralex
Donestech

Spideralex-ek ziberfeminista eta teknologia libre eta iraunkorren maitalea bezala aurkezten du bere burua. Teknologia burujabetzaren arloan dauden ekimenen inguruko bi liburu idatzi ditu (Sobetc1, Sobtec2) eta etorkizun utopiko eta feministen inguruko tailerrak antolatzen ditu. Generoaren eta teknologien arteko harremana aztertzen duen Donestech kolektiboaren sortzailea da.

Por qué Sillicon Valley no nos salvará del cambio climático
gehiago ikusi
Guatemalako kidea
Momentánea Ciberfeministas Guatemala

Momentanea mundu teknologikoaren, ingurumenaren eta "hego global" zonaldeko lurraldeen arteko harremanaren gaineko kezka pertsonal batetik sortzen da eta teknologiekin sortzen dugun denbora- eta espazio-harremana zalantzan jartzeko beharra mahai gainera eramaten du. Konektatuta egotearen esanahiaz berriz jabetzea; izan ere, nahiz eta gaur egungo teknologiek lurraldeetan eragin handiak izan, erru sentimendurik gabe eta pozez bizi nahi dugu, lurralde testuinguruei eta horien gaineko eraginei buruzko ezagutzatik.

Momentánea... ¿estás ahí? una reflexión personal sobre el tiempo y los recursos
gehiago ikusi
Kris De Decker
Low-tech Magazine

Internetek gizartea desmaterializatu eta energia erabilera gutxituko zuela esan ziguten. Aurreproiektu honen kontra, energia kontsumitzaile handi eta azkarra bihurtu da. Energia berriztagarria irtenbidearen parte izan daiteke, baina energia gero eta handiagoa den erabilerarako bidea ere zuzendu behar da. 

How (not) to build a solar powered internet
gehiago ikusi
Beñat Irasuegi
Talaios, TEKS
Euskal Herria Solar Punk
gehiago ikusi
Iratxe Acha
Fair Phone

Fairphone enpresa holandar bat da, bidezkoagoa den industria elektronikorako mugimendua eraikitzen ari dena.

Fairphone-en bokazioa zera da: justizia handiagorantz lan egiteko beharrari buruzko sentsibilizazioa areagotzea, bere ekintzarekin eredu izatea, eta enpresa gehiagok bere urratsak jarrai ditzaten lortzea. Bide horretan dituen zailtasunak gardentasunez erakutsiz, prozesuaren ikaskuntza gisa partekatuz. 

Kasu praktikoa: Fairphone
gehiago ikusi
Xabier Igartua
Oñatiko Alkateordea

Oñatik sektore elektrikoan burujabetzan egin duen ibilbideak Onaro ekarri du. Proiektu honek telekomunikazio operadoreen eremura eramaten du burujabetza, banda zabala oraindik ez duten auzo eta eremuetara eramateko helburuarekin, zerbitzu jasangarria bermatzeko helburuarekin batera.

Kasu praktikoa: Onaro
gehiago ikusi
Ona de Gibert Bonet
Bartzelonako Supercomputing Center

Auzoko feminista eta zientzia-dibulgatzailea, Ona de Gibert Bartzelonako Supercomputing Center-en ikertzailea da eta hizkuntza gutxituetarako hizkuntza-teknologiak garatzen laguntzen du. NLP Comunicat katalanezko teknologia garatzeko komunitate libre eta irekiaren sortzaileetarako bat ere bada, sareak sortzearen garrantzian sinesten baitu. Bere aisialdian, irakaslea da eta emakume eta bitarrak ez diren pertsonei programatzen irakasten die, mundu digitalean dagoen genero-arrakala murrizteko borrokatuz. Mundu honetan bere sarrera malkartsua izan zenez, letretako karrera batetik etorrita, orain etortzear dauden pertsonentzako bidea errazteari dihardu.

Sobirania tecnològica, sobirania lingüística
gehiago ikusi
Asier Iturralde
Librezale

Asier Iturralde Sarasola Librezale taldeko kidea da. Librezale euskara eta software librea ardatz dituen lantalde irekia da. Taldearen izaera eta egiten duten lana azaldu ondoren, iraunkortasunaren inguruko hainbat gogoeta egingo ditu, euskara, software librea eta ingurumena lotuz.
Ikusi ponentzia

Software librea iraunkortasunerako bidean
gehiago ikusi
Sandra Perez
Iametza

Garai oso berezi bat bizi dugu gaur egun, antropozenoaren oroa, gizakiak Lurraren gainean daukan eraginaren aroa, alegia. Gizadiak inoiz aurre egin behar izan dion erronkarik handienetako batek markatuta: larrialdi klimatikoa.

Ikusten dugunak asaldatu egiten gaitu baina Internet eta sareen erabilerak suposatzen duen kutsadura ez dugu ikusi ere egiten. Webgune batean sartzeak ez du soilik ordenagailu baten energia kontsumoa suposatzen, Interneta ematen digun operadorearen kontsumoa, informazioa bidali eta jasotzea ahalbidetzen digun zerbitzariaren kontsumoa ere suposatzen du, besteak beste. Eta guzti honek funtzionatzeko egunean 24 ordu piztuta dauden ordenagailuak behar dira.  

Zein da gure beste aztarna digitala?
gehiago ikusi

Multimedia

Ondorioak

Pasa den urriaren 28an, teknologia eta jasangarritasuna uztartu zituen jardunaldia ospatu genuen, urtero bezala, San Telmo Museoan. Aurtengo jardunaldiaren ardatza bizi dugun egoera berezi honetan, osasun eta ingurumen larrialdiek markatuta, teknologiak daukan eraginaz hausnartzea izan da eta, abiapuntu horretatik, teknologia burujabetzak egin dezakeen ekarpena mahai gainera ekartzea.

Horretarako, “Zenbat kutsatzen du like ❤ batek? Mundu osorako Internet jasangarrirantz” lelopean, mundu mailako hainbat hizlarirekin elkartu ginen.

Pandemia geroko lehenengo jardunaldi honetan berriro ere jendea aretoan bildu ginen baina streaming bidezko jarraipenak garrantzi nabarmena izan zuen. Aretoan edukiera mugarik egon ez arren, asko izan ziren jardunaldia streaming bidez jarraitu zutenak. Horregatik, jardunaldia bere osotasunean eta kalitate onenarekin eskaintzeko helburuarekin, azken urteetan bezala, EITBrekin dugun elkarlanari esker hitzaldiak streaming bidez eman genituen. Eskerrik asko beraz aretora hurbildu zinetenoi eta baita pantailaren beste aldean jardunaldia jarraitu zenutenoi. Hurrengo lerroetan goizak emandakoaren laburpena jaso dugu. Webgunean dituzue eguneko argazkiak eta bideoak.

Jardunaldia Sandra Perez Iametzako Komunikazio taldeko kidearen aurkezpenarekin hasi zen, “Zein da gure beste aztarna digitala?”. Gizakiak Lurraren gainean daukan eraginaren aroan, energia ekoizteko eta baliabideak kontsumitzeko gure sistemek indar autosuntsitzaile bihurtzea eragin dute. “Ikusten dugunak asaldatu egiten gaitu. Aldiz, ikusten ez dugunak ez gaitu hainbeste kezkatzen” esaldia abiapuntutzat hartuta, teknologiaren erabilerak suposatzen duen kutsadura eta eragin negatiboaren gaineko hausnarketa mahai gainera ekarri zuen Sandrak saioa irekitzeko. “Pertsona baten urteko CO2 aurrekontua 2 tona dira eta bidaltzen ditugun emailekin bakarrik zifra horren %0,5-a betetzen dugu jada”.

Entzuleak jardunaldian kokatzen laguntzeko helburuarekin jasangarritasunaren kontzeptuaren inguruan ere egon ginen. “Jasangarritasunari buruz hitz egiten dugunean, esparru ekologikoa, ekonomikoa, soziala... ateratzen dira eta horiek gurutzatuz, bideragarria, eramangarria eta justua bezalako kontzeptuak”.

Sandra Perezek aurkezpena amaitu ostean, Alex Achek eskaini zigun aurten jardunaldiaren irekiera hitzaldia: Por qué Sillicon Valley no nos salvará del cambio climático”. Krisi klimatikoaz hitz egiten hasi zuen saioa, erraldoi teknologikoak salatuz, izan ere, greenwashing kontzeptuaz baliatzen dira enpresa bezala oihartzun handiagoa izateko, eta honek gizartearen ezeptizismoa areagotzea eragiten du. Ondorioz, herritarrek ingurumen aktibismoan sinesmena galtzen dute.

Kritika pertsonalago bat ere egin zuen Alexek, entzuleon arreta oraindik eta gehiago piztuz, eta autokritika egitera eramanez. Gaur egun, robot eta bestelako gailu ugari gure egunerokotasunera inkorporatu ditugula azaldu zuen, horien atzean dagoenaren atzean hausnartu gabe, hala nola, gailu hauek sortzeko erabili diren baliabideak, tokiko lurraldeen egoera geo-politikoak, gailu hauek izango duten biziraupena... Bere hitzetan, “beharrezko ez diren gailu hauek egunerokotasunean txertatu ditugu, eta hauek gure boterea hartzen ari dira”.

Jarraian, teknologiaren erabilpenaren inguruan zenbait gomendio eman zituen Alexek “zaharkitze programaren alde borrokatu behar da, konpongarritasunaren gaiari buruzko legeak egin behar ditugu, ekoizpen prozesu orotan eduki behar den gutxieneko birziklatze maila ezarri behar dugu, gailu hauek sortzeko zenbat baliabide behar diren oso argi izan behar dugu, bigarren eskuko merkatuak handitu behar dira...” Eta, honetarako, “pisua pertsona banakoengan jartzen da beti, baina benetan pisua kolektiboan dago eta erakundeek hartu ditzaketen erabakietan dago, irtenbide horiek guztiak egia bihur daitezen.”

Arazo honen irtenbidea gure esku ere badagoela argi utzi zigun hizlariak.

Jarraian, Guatemalako Momentánea Ciberfeministas taldeko kideak Momentánea... ¿estás ahí? Una reflexión personal sobre el tiempo y los recursoshitzaldia eskaini zigun.

Guatemalako kideak hausnarketa pertsonal batetik hasitako proiektu baten berri eman zigun. Momentanea teknologiarekiko zaletasunetik eta partekatzen ditugun lurraldeetako teknologiekiko kezkatik sorturik dagoela azaldu zigun. Momentanea web proiektu bat da, eguzki energiaz hornitzen dena eta askatasuna bermatzen duen apustu feminista bat ere badena.

Momentánearen funtzionamenduaz hitz egin ondoren, proiektuaren jatorriaz jardun zitzaigun Guatemalako kidea. Dirudienez, hizlariaren bizitokian ez dago hemen dugun argindarraren askatasun bera, izan ere, euren argidarraren kostua oso handia da. Egoera horretatik abiatuta, energia berriztagarrien inguruan hausnarketa bat jarri zuen mahai gainean: “Energia berriztagarria aukera bat da, baina ez da irtenbide bat nire lurralderako. Arrazoiak hauek dira: horretara sarbidea edukitzea garestia da; prozesu bat eduki behar da nola funtzionatzen duen ulertzeko, eta ingurune horietan hezkuntzarako sarbidea mugatua da; konpontzen jakin behar da; zaila da osagaiak birziklatzea edo berrerabiltzea; karbono-arrastoaren indize altuak ditu.”

Jardunaldiaren lehenengo blokeko azkeneko hitzaldia Kris De Deckerren eskutik izan zen, How (not) to build a solar powered internet” izenburupean.

Krisen hitzaldia energia berriztagarri eta fosilen arteko ezberdintasunak azalduz hasi zen. Honekin adierazi nahi izan zuen energia berriztagarriak etorkizun izan badaitezke ere, hainbat desabantaila ere badituztela, hauen sorkuntza ez delako erraza. Ondoren, datu trafikoak izan duen gorakada abiapuntutzat hartuz, bere proiektuaren aurkezpena egin zuen, “2017an erabaki nuen nire webgunea low tech eta jasangarria izango zela. Bi-hiru urte behar izan genituen horretarako. Gaur egun, webguneak eguzki-energiaz hornitzen da. Baina hori baino askoz gehiago da, webgunea ez dago sarera konektatuta eta nabigatzea guztiz anonimoa da.” Honekin high-tech eta low-tech teknologien kritika egin zuen esanez “Inspirazio asko aurkitu daiteke iraganean. High tech ikuspegian, berriz, ez dago inspirazio handirik iraganean.” Honekin guztiaren low tech teknologiaren aplikazioa sustatu nahi izan zuen hizlariak.

Atsedena eta gero, utopiaren gai zabala ekarri genuen mahai gainera Beñat Irasuegiren eskutik: Euskal Herria Solar Punk”.

Etorkizuna irudikatzeko errealitate posibleetan sinesten duen filosofia da. Beñaten hitzetan kolapsoa dator eta geroz eta azkarrago konturatu orduan eta azkarrago egingo diogu aurre horri. Solar punk filosofiak kolapso honi aurre egiteko herritarrok baliabideen jabe bihurtzea ezinbestekotzat ikusten du. 

Solar punk filosofiaren aplikazioari dagokionean, “Badaude aipatzeko hainbat proiektu. Adibidez, Data Center proiektua, komunitateak kudeatuta dena eta tokiko energiarekin hornituta dagoena. Beste proiektu bat: Herritarren datu kooperatibak sortzea, datuak herritartu eta munipalizatzeko. Sare libreak lantzea, ekoizpen sare burujabeak ekoiztea, elikadura, zaintza eta banaketa kate osasuntsuak sortzen adibidez. Denda komunitarioak, gure produkzioa sartzeko, datuen jabeak gu izateko. Energia komunitateak, tokian toki aurkitzen dituzten energia baliabideen arabera antolatzen direnak. Basojabetza elkarteak. Talde hauek basoen jabetza hartu eta lur horien jabetza modu jasangarrian egiten dute.” Egitasmo hauek eta gehiago martxan jarri eta erabilgarriak izan daitezen, ezinbestekoa da herri-funtsak sortzea, herritarrak izatea herriaren jabetza.

Beñat Irasuegik egindako mapeoaren ildotik jarraituz, etorkizuna marrazten lagunduko diguten adibide praktiko batzuk ezagutzeko aukera izan genuen: "FairPhone" enpresa Iratxe Acharen eskutik eta "Onaro" Xabier Igartuaren eskutik. Iratxe Acha fairphonen erabiltzailea Fairphone proiektuaz hitz egiten aritu zen, Industria elektronikoan erabiltzen diren “konflikto iturri diren mineralak” salatzeko kanpaina gisa hasi zena. Proiektuak izandako oihartzuna dela eta, 2013an enpresa sortzeko urratsa eman zuten, mugikor alternatiboak eskainiaz. Fairphone enpresak 4 funtsezko arloetan izan nahi du eragina: bidezko materialak erabiltzean, irauteko diseinua izatean, lan-baldintza onak bermatzean eta berrerabilgarri eta berziklagarri izatean. “3 Gomendio egin nahi ditut iraunkortasunerako bidaia honetan + Fairphone enpresa erabili "enpresa mugikor" bezala + Eztainua, kobaltoa... erabiliz gero, Fairphonekin lana egin dezakegu + Gure enpresen "supply chain"a aztertzea”.

Jarraian, Xabier Igartua Onaro proiektuaz aritu zen, helburutzat internet banda zabala herritar guztien eskura jartzea duen proiektua. Arreta zuzena, gertukoa eta engainurik gabea eskaintzen diote herritarrari herritik, bertako hornitzaileekin elkarlanean. Proiektuaren sorrerari buruz zioen “Internet konexioari loturiko gabeziez jabetu ginen: landa guneko 210 eraikinek ez dute internet banda zabaleko konexiorik, eta ezin dugu ahaztu behar: 1) internet oinarrizko zerbitzua dela; 2) interneterako sarbidea gisa eskubide gisa aitortu zuela Nazio Batuen Erakundeak 2011. urtean; 3) Pandemiak, hainbat oñatiarren internet konexio gabeziak azalarazi dituela.” Herriak berak herriko erronkak hartu eta irtenbide bat bilatzea garrantzi handikoa baita proiektuarentzat. Etorkizunari dagokionean, “Landa eremuetara iristeaz gain, herrian ere zuntz optiko sare propiaren hedapena lortu nahi dugu. Nola? Komunitatetik sare ehunduz.”

Jardunaldiaren azkeneko blokea hizkuntza teknologiei eskaini nahi izan genien, izan ere, jasangarritasunaren eta iraunkortasunaren markoan, hizkuntzen kudeaketak garrantzi berezia daukala sinesten dugu. Azkeneko bloke hau osatzeko, Bartzelonako Supercomputing Center-eko Ona de Gibert Bonet eta Librezaleko kide den Asier Iturralde izan genituen gurean.

Ona de Gibert Bonet hizlariaren "Sobirania tecnològica, sobirania lingüística" hitzaldiaren funtsa teknologia eta hizkuntzak elkarren artean izan dezaketen harremana ulertzea izan zen. Bide honetatik, hizkuntzaren etorkizunak teknologiaren eragin handia izan dezakeela azaldu zigun, sareetan duten presentziak pisu handia baitu, besteak beste. Hizkuntza gutxituak atzean gera ez daitezen “Enpresa munduan, sektore publikoan eta software librea esparruetan eragin behar dugu.” Hizkuntza gutxitu hauei bultzada emateko jaio den proiektua da CommonVoice, ahots-ezagutza guztientzako irekitzen laguntzeko proiektua izanik. “Gaur egun, 13.905 ordu baino gehiago ditu, eta hauek 76 hizkuntza ezberdinetakoak dira.”

Hitzaldia amaitzeko ondorengo mezuak zabaldu zituen: “Amaitzeko, uste dut hizkuntza eta teknologiaren arteko zirkulu horretan sartu behar garela. Zirkulu amaigabe hau bi norabidekoa da: hizkuntza bat sarean kontuan hartzen ez badugu ez dugun horren gaineko datu gehiegirik izango. Hizkuntzaren esparruan utopiaren ikuspegitik, hizkuntza guztiak edozein esparrutan erabiltzeko aukera izango genuke. Eta honela, ez genuke hizkuntza gutxituen inguruan hitz egingo, baizik eta hizkuntza txikiei buruz.”

Ekitaldia amaitzeko Asier Iturralde "Software librea iraunkortasunerako bidean" gaiari buruz jardun zen hizketan. Hitzaldia librezale aurkeztuz hasi zen, boluntarioek osatutako lan talde irekia izanik, eta software librea lehenetsiz eta aplikazio informatikoak euskaraz edukitzeko lan eginez. Hauen lana, batik bat itzulpenak egitean datza, aplikazioak euskaraz egoteko.

Software libreari dagokionez, zioen proiektuek oso jarrera ona dutela hizkuntzekiko. Ubuntun 245 hizkuntza daude, Firefoxen 225, besteak beste. “Software eta hardware libreak iraunkortasunerako ezaugarri interesgarriak dituzte: jatorrizko garatzaileek utzitako proiektuak berpiztu daitezke edo desadostasunen aurrean beste norabide bat hartu; norbere beharretara egokitzeko aukera ematen dute; konponketak ahalbidetzen dituzte; eta komunitatearekin partekatzeko aukera ematen dute.” Gailuek ez lukete programatutako zaharkitzerik izan behar, eta hori gure esku dagoela pentsatu ez arren, badugu zer egin “Zer egin dezake software lilbreak gailuen bizitza luzatzeko? Ordenagailuetan Linux Mint, Ubuntu, Debian, Fedora bezalakoen alde egin, adibidez.”

Aurtengo edizioan izena eman zutenei eta euren helbidea helarazi digutenei jardunaldiaren materiala helaraziko diegu. Karpeta eta materialaz gain, jardunaldiaren ondorioekin prestatutako euskarria bidaliko diegu.

Aurtengo gaiari tiraka, 'Hodeia ez da existitzen' podcast kanala bisitatzea proposatzen dizuegu, euskarabildua jardunaldiko ondorio eta hausnarketak bilduko ditugulako. Podcast hau Baleafunk.eus sarean dago eskuragarri eta podcast saio berria laister egongo da entzugai. 

antolatzaileak:

Ametzagaiña taldea iametza interaktiboa Argia

babesleak:

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Foru Aldundia Donostia Euskara Donostia Fomento San Sebastián Spri Laboral Kutxa

laguntzaileak:

Asle Antza komunikazio grafikoa Azkue Fundazioa Antic Pays Basque BDS koop Beterri Debagoieneko Mankomunitatea Debegesa- Debabarrenako garapen agentzia Ehkom- Euskal Herrian telekomunikazio sare publiko-komunitarioak hedatzen EITB Elhuyar Elkar Emun Enpresabidea Gaia GISA Elkartea Goieki Hekimen Hernani Burujabe Hiritik At Irutxuloko hitza Hitz EHU Indeus Izarkom LAB irakaskuntza Langune Oarsoaldea Olatukoop Puntu Eus Reas - ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea San Telmo Seaska Steilas Talaios Teks Tolosadea garatzen Udalbiltza Udako Euskal Unibertsitatea

© 2012-2024 Euskarabildua - Ametzagaiña Taldea