2022 | 11. edizioa
TweetMundu mailan, teknologia berrien garapenean, ekoizpenean eta eskuragarritasunean nagusi izateko borrokan ari dira. Horren ondorioz, herrialdeek eta herrialde-taldeek menpekotasun teknologikoa murrizteko eta osagai, produktu, sistema eta zerbitzu aurreratuen hornidura ziurtatzeko duten gaitasuna dago jokoan. Era berean, geroz eta kezkagarriagoa da datuen gaineko kontrola erraldoi gutxi batzuen eskuetan geratzea.
Nagusi diren irtenbide teknologikoen aurrean, gauzak beste modu batera eginda, alternatibak sortu ahal direla erakutsi nahi du Euskarabildua jardunaldiak, utopikoa dirudiena errealitate bilakatu daitekeela erakutsiz. Horretarako tokiko eragileen arteko saretzeak duen indarra azpimarratu nahi du. Zentzu horretan, euskaldunok Euskal Herrian egiten ari garen ibilbidea ikusita, helburu handiak lortzeko ahalmena dugula azpimarratzera dator jardunaldia eta bertaratuko direnen parte-hartzearen bidez, egitasmo zehatzen ideiak martxan jartzeko harremanak sustatu nahi ditu.
Horretarako talde dinamiken tartea izango da. Jardunaldira bertaratuko direnek proposatutako lau lan dinamiketako batean izena emateko aukera izango dute: Hezkuntza, Telekomunikazioak, Informazioa eta komunikabideak eta Gobernantza. Horrek aukera emango die antzerako kezkak dituzten beste pertsona eta erakunde batzuk ezagutzeko eta elkarlanerako egon daitezkeen aukerei buruz hitz egiteko. Modu honetara Euskarabilduak pandemiak galarazitako harreman pertsonalak berreskuratu nahi ditu.
Lan mahai hauen diseinua Badalab Hizkuntza eta Berrikuntzarako Laborategiarekin batera osatu dute Euskarabilduako antolatzaileek.
Euskarabildua jardunaldia urriaren 27an egingo da San Telmo museoan. Bertaratu nahi izanez gero, webgunearen bidez izena eman daiteke.
© 2012-2024 Euskarabildua - Ametzagaiña Taldea