2026 | 15. edizioa
partekatu“Adimen Artifiziala herriaren zerbitzura” izenburupean Adimen Artifiziala lantzerako garaian Euskal Herrian ditugun azpiegiturak, euskaratik sortutako ereduak eta datuak eta sortzen hasi diren aplikazioak izango dira hizpide.
Euskarabildua jardunaldiaren helburua da teknologiari buruzko dibulgazioa egitea, euskarari bereziki erreparatuz eta teknologia burujabetzan begirada jarriz. Eta 2026an, teknologiari buruz hitz egitea, Adimen Artifizialari buruz aritzea da. Baina Euskarabilduak gogoeta bat jarri nahi du mahai gainean: Nola lortu teknologia burujabetza algoritmoen aro honetan?
Izan ere, BAIC (Basque Artificial Inteligence Center) erakundearen azken ikerketaren arabera, Euskadiko erakundeen %17,4k erabiltzen dute dagoeneko Adimen Artifiziala eta 91 enpresa baino gehiago ari dira soluzioak garatzen. Baina norantz goaz herri bezala? Zer erabilera mota ari gara egiten? Datuen gaineko kontrola gurea al da?
Horregatik aurtengo Euskarabilduak Euskal Herriko ekosistemari begira jarri nahi du, azpiegiturak, eredu libreak, datuak eta aplikazioak aztertuz.
Hala, aurtengo edizioaren jomuga bikoitza da. Batetik, herri ikuspegia ardatz, ahalik eta herri burujabetza handiena garatzearen beharraz ohartarazi nahi du. Bestetik, Euskal Herriko ekosistema saretu eta elkartu nahi du, balio kate osoak elkar ezagutu dezan; ikerketa zentroak, unibertsitateak, enpresak eta erabiltzaileak. Zer esperientzia ditugu Euskal Herrian AA burujabe baten adibide izan daitezkeenak? Goazen elkarrekin ikertzera, erabiltzera eta esperimentatzera.
Xedea da adimen artifizialaren ahalik eta erabilera etikoena egitea, plataforma handiekiko menpekotasuna ahalik eta gehien murriztea eta gure teknologiaren eta datuen gaineko kontrola izatea. Horrela soilik emango diogu teknologiari euskaratik eta Euskal Herritik definitutako mundu ikuskera. Izan ere, burujabetza ez da soilik "makinak erostea", baizik eta azpiegitura horien gainean herri gisa saretzea.
© 2012-2026 Euskarabildua - Ametzagaiña Taldea