euskarabildua

Albisteak

XV. edizioaren aurkezpena egin dute antolatzaileek Teila Fabrikan

2026 | 15. edizioa

partekatu

Euskarabildua jardunaldiaren helburua teknologiari buruzko dibulgazioa egitea da, euskarari bereziki erreparatuz eta teknologia burujabetzan begirada jarriz. 2026. urtean teknologiari buruz hitz egitea, hein handi batean, Adimen Artifizialari buruz hitz egitea da, LLM ereduei eta bestelako eredu neuronalei buruz. Eta testuinguru horretan galdera nagusi bat egin behar dugu: nola lortu teknologia burujabetza algoritmoen eta datuen aro honetan?

Horretarako gure ekosistemari begira jarri nahi dugu; azpiegiturak, eredu libreak, datuak eta aplikazioak aztertuz. Hala, aurtengo edizioaren jomuga bikoitza da. Batetik, herri ikuspegia ardatz, ahalik eta herri burujabetza handiena garatzearen beharraz ohartarazi nahi dugu. Bestetik, Euskal Herriko ekosistema saretu eta elkartu nahi dugu, balio kate osoak elkar ezagutu dezan, ikerketa zentroak, unibertsitateak, enpresak eta erabiltzaileak. Zer esperientzia ditugu Euskal Herrian adimen artifizial burujabe baten adibide izan daitezkeenak? Goazen elkarrekin ikertzera, erabiltzera eta esperimentatzera.

Xedea da adimen artifizialaren ahalik eta erabilera etikoena egitea, plataforma handiekiko menpekotasuna ahalik eta gehien murriztea eta gure teknologiaren eta datuen gaineko kontrola izatea. Horrela soilik emango diogu teknologiari euskaratik eta Euskal Herritik definitutako mundu ikuskera. Izan ere, burujabetza ez da soilik "makinak erostea", baizik eta dauden azpiegitura horien gainean herri gisa saretzea.

Hazten ari den AAri burujabetzatik eta etikatik erantzuten

Gai honi testuinguru apur bat emateko datuetara jo dezakegu, Basque Artificial Inteligence Center-ek (BAIC-ek) 2025eko uztailean argitaratutako IA Euskadi eskainitako ikerketara hain zuzen. Ikerketa horren arabera, EAEko erakundeen %17,4k erabiltzen du Adimen Artifiziala eta 91 enpresa baino gehiago daude AA soluzioak garatzen. Etika eta araudian oinarrituz berriz, eragileen %12k du soilik Europako AAren Erregelamenduaren ezagutza. Bestalde, Adimen Artifizialaren eremuan 105 ikerketa-talde identifikatu dira eta 14 datu zentro publiko edo erdi-publiko baino gehiago daude. Hala, datu horiek guztiek agerian uzten dute Euskadin, AAren erabilera, ikerketa, prestakuntza eta enplegua handitzen ari direla. Baina nora goaz, zertarako eta nola gobernatu errealitate berri hau?

Aurtengo Euskarabildua jardunaldiak gogoeta hori jarri nahi du mahai gainean, xede nagusi batekin: Adimen Artifizialaren erabilera ahalik eta etikoena sustatzea, plataforma handiekiko menpekotasuna murriztea eta teknologian zein datuen gaineko kontrola izatea.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, teknologiaren burujabetza ez da soilik makinak edo azpiegiturak eskuratzea. Horren atzean, herri gisa saretu eta azpiegitura horien gainean ezagutza, baliabide eta proiektu propioak garatzeko beharra dago. Helburua da, teknologiari euskaratik eta Euskal Herritik definitutako ikuspegia ematea.

Azpiegiturak, eredu libreak eta datuak hizpide

Eguneko egitarauak hainbat hitzaldi eta mahai-inguru bilduko ditu. Jardunaldiaren hasieran, AA ekosistema burujaberantz izeneko sarrera egingo du Eli Pombok, Iametzako kudeatzaile orokorrak. Ondoren, Steen Rasmussen zientzialariak deszentralizazioa eta Adimen Artifizial burujabea izango ditu hizpide, ingelesez.

Azpiegituren inguruko mahai-inguruan, “AAk beharrezkoa duen azpiegitura. Euskal Herrian zer baliabide ditugu?” galderari erantzuten saiatuko dira hainbat aditu: Alex Etxeberria (aDI Data Center Euskadi), Alexis Guirlé (Izarralde), Iratxe Montoya (EJIE), Aran Garcia Lekue (DIPC) eta Izaskun Echeverria (Nasertic). Aurretik, German Rigau Hitz Zentroko zuzendariordeak ikerketa, produkzioa eta AA Factory-en inguruko sarrera egingo du.

Beste mahai-inguruetako batek euskaratik sortutako Adimen Artifizial eleanitza, eredu libreak eta datuak izango ditu ardatz. Bertan izango dira Eneko Agirre (EHUko Hitz Zentroa), Itziar Cortes (Elhuyar) eta Leire Barañano (Euskorpora). 

Euskal Herriko proiektu eta aplikazioak

Jardunaldiaren bigarren zatian, Adimen Artifizialaren aplikazio praktikoak eta Euskal Herrian garatzen ari diren proiektuak ezagutaraziko dira. Besteak beste, BAAI.EUS euskarazko web sortzaile adimenduna, barne dokumentazioaren kudeaketa Nextcloud eta AA erabiliz, Ametzagaiña Bira kooperatibarekin lantzen ari den proiektua; eta Ilenia eta Alia egitasmoetako erakusgarriak aurkeztuko dira.

Halaber, Euskal Herriko Online Lanbide Heziketan AA burujabea txertatzeko esperientzia azalduko du Mikel Aldalurrek, BirtLHko IKT teknikariak. 

Horrela, Euskarabilduaren 2026ko edizioak eztabaida teorikoa eta esperientzia praktikoak uztartu nahi ditu, euskaratik eta Euskal Herritik Adimen Artifizialaren inguruko ekosistema burujabe, etiko eta saretua eraikitzeko bideak aztertuz. 

Edizio arrakastatsua: bertatik bertara eta streaming bidez jarraitzeko aukera

Dagoeneko Donostiako San Telmo museoko aretoa txiki geratu da. Itxaron zerrenda aktibatu dute antolatzaileek eta hemendik eta urriaren 27ra aretoaren edukiera kudeatuko dute. Hala ere, aurreko edizioetan bezala, EITBk streaming bidez emango du jardunaldia.

atzera

antolatzaileak:

Ametzagaiña taldea iametza interaktiboa Argia

babesleak:

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Foru Aldundia Donostia Euskara Donostia Ekonomia Fomento San Sebastián Hitz EHU Laboral Kutxa

kolaboratzaileak:

Antza EITB San Telmo Museoa

laguntzaileak:

Asle Azkue Fundazioa BDS koop Beterri Bikonet Debagoieneko Mankomunitatea Ehkom- Euskal Herrian telekomunikazio sare publiko-komunitarioak hedatzen Elhuyar Emun Euskorpora Gaia GISA Elkartea Hekimen Hernani Burujabe Irutxuloko hitza Izarkom Langune Puntu Eus Reas - ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea Tabakalera Taupa Mugimendua Teila Fabrika Tolosadea garatzen UEMA Udako Euskal Unibertsitatea

© 2012-2026 Euskarabildua - Ametzagaiña Taldea