2025 | 14. edizioa
partekatuManuela Battaglini abokatua da eta marketinean eta komunikazio digitalean aditua. Etika digitalari buruz, gobernu eta administrazio publikoentzat aholkulari lanetan aritu izan da. Eskubide Digitalen Espainiako Gutunaren egileetako bat izan zen eta Transparent Internet erakundeko zuzendaria. Egun, Adimen Artifizialean doktoretza egiten ari da Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan.
Battaglini etengabeko ikerketan ari den emakumea da eta teknologiaren ikuspegitik, mugimendu geopolitikoak jarraitzen eta horien eragina eta ondorioak aztertzen ditu. Bere ustez, adimen artifizialari buruz martxan jartzen diren politikek ematen diote forma munduari eta gure bizitzei.
Azaroaren 4an Donostian izango da, baina bere hitzaldiaren aurretik galdera batzuk luzatu dizkiogu, bertan entzungo duguna hobeto ulertzeko asmotan.
Zure hitzaldian mundu mailan hartzen diren erabaki politiko, ekonomiko edo legal askok konpainia teknologiko handiei nola laguntzen dieten azalduko diguzu. Aurreratuko diguzu adibideren bat?
Teknologiaren historian zehar, legeak onartu dira. Arau horiek sarritan, erraldoi teknologikoei inpunitate osoz jarduteko aukera eman diete. Horietako bat Digital Millenium Copyright Act da. Lege horrek alderantzizko ingeniaritza legez kanpoko bihurtzen du eta ondorioz, elkarreragingarritasunarekin amaitu eta gailuen mekanismora sarbidea oztopatzen du. Beraz, konpontzeko eskubidea ere izugarri zailtzen du. Lege hau AEBena da, baina AEBak bere lobby-a eta presioa mundu osoan aplikatu ditu, gainerako herrialdeek onartzen dituzten legeek bere asmoei kontra egin ez diezaieten.
Zure hitzaldiaren sarreran Adimen Artifizialaren inguruko ”pila teknologikoa” kontzeptua aipatzen duzu. Zer esan nahi du?
Adimen Artifizialaren inguruko teknologia lau geruzatan banatuta dagoela esan nahi du. Lehena, hardwarearen geruza, hiru monopolioz osatutako geruza da; bigarrena, hodeiko konputazioa, oligopolio boteretsuen geruza; hirugarrena AA sortzailearen ereduen geruza da, eta laugarrena aplikazioen geruza, non pertsonek teknologiarekin elkarreragiten duten.
Adimen Artifizialak inguratzen gaituela diozu. AArik gabeko bizitza posible al da?
Gizateriaren historiaren puntu honetan, zaila. Baina Adimen Artifizialaren erabilera demokratikoa lortzea posible da eta herritarrentzat onuragarria den AA batekin bizi gaitezke. Gaur egun, justu kontrakoa gertatzen da.
© 2012-2025 Euskarabildua - Ametzagaiña Taldea