Iazko arrakastaren ondoren, Euskarabildua jardunaldien bigarren edizioa martxan jartzea erabaki dugu, hizkuntzarekin eta teknologia berriekin zerikusia duen eta oso gaurkoa den gai batean oinarrituta: ikus-entzunezkoak.
Interneten ikus-entzunezkoen gorakada eztabaida ezina da. Visual Networkin Index (Cisco,2012) txostenaren arabera, 2015erako Interneten ia 3.000 milioi erabiltzaile egongo dira (urte horretarako aurreikusitako munduko populazioaren %40 baino gehiago); batez beste pertsona bakoitzak Interneterako konexioa duten hiru gailu izango ditu eta segunduko milioi bat minutukoa izango da bideo kontsumoa, hau da, segunduko 674 egun litzatekeena.
Ikus-entzunezko edukien zabalkundea geratu ezina da, ondorioz. Sarean gero eta erabiltzaile eta sarera konektatutako gero eta gailu gehiago daude. Gainera, datuen transmisiorako abiadura izugarri handitu da, horrek Internet bidezko bideoen kontsumoa edozein gailutan kontsumitzea ahalbidetu du, ordenagailutik hasi, telebistatik pasa eta telefono mugikorretaraino iritsiz.
Beraz, erabiltzaileen artean bideo kontsumoa altua da, baina produkzioa ere bai Horrek bideoak produzitzen dituztenei euren produkzioan arreta berezia jartzera behartzen ditu. Komunikazio helburuak garbi izan behar dira, baita teknologiak eskaintzen dizkigun aukerak ere (azpitituluak, bideoen bilaketa semantikoak…), eta ondorioz eskueran ditugun bitarteko guztiak jarri behar ditugu gure bideoak guk nahi adina aldiz ikusiak izan daitezen.
Jardunaldi hauek horixe bilatzen dute, ikus-entzunezkoen inguruko ezagutzak partekatzea eta horiek hizkuntzaren erabilera soziala bultzatzeko, gure kasuan euskararen zabalkundean laguntzeko nola erabili genitzakeen ikustea. Batik bat bi arlo nagusi jorratuko dira: Teknologia (ikerketak une honetan zertan diren) eta Komunikazioa (nola baliatu bideoak komunikazio helburu jakinak betetzeko, gure kasuan euskararen erabilera sozialari loturik).
Komunikazio Biziagoa S.A.L-k eta Iametza Interaktiboa S.L-k proiektu desberdinak burutu dituzte azken urteetan bideogintzaren munduan, bai teknologiaren ikuspegitik eta baita komunikazioaren ikuspegitik ere.
Komunikazio Biziagoa S.A.L-k (ARGIA hedabidearen editorea) 2006. urtean erabaki estrategiko bat hartu zuen, bere ildo komunikatiboen artean beste bat gehitu behar zuen, www.argia.com-en barnean: Multimedia edo bideogintzari zegokiona. Boliviako bideo batzuekin hasi eta gaur eguneraino ehunka bideo produzitu ditu, baita asteroko Beranduegi izeneko web tv-a ere.
Iametza Interaktiboa berriz, 2011 urtearen amaieran ikus-entzunezkoei lotutako behar teknologikoen inguruan hausnarketan hasi zen eta horrek web semantikoa, azpitituluak eta antzerako beste proiektu batzuen garapenera eraman du 2012an zehar, beste enpresa batzuekin kolaborazioak eginez, Vicomtech ikerketa zentroa esaterako.
© 2012-2024 Euskarabildua - Ametzagaiña Taldea