euskarabildua

Albisteak

Euskarabildua, Teknologia Aurreratuen eremua

Argiak, Iametza Interaktiboak eta Ametzagaiña taldeak "Teknologia aurreratuak marketin eta komunikazio esparruan" leloa duen Euskarabildua Jardunaldia antolatu dute. Heldu den urriaren 26an agerian utzi nahi izango dute dagoeneko gurean den errealitatea, eta, nola ez, Kultura eta Sormen Industrien sektorean ere eragin zuzena izango duena. Iametza Interaktiboako kideak diren Elisabeth Pombok eta Xalba Ramirezek eman dizkigute jardunaldiaren xehetasunak.

2017ko Euskarabildua Jardunaldian marketina eta komunikazioa jorratuko dituzue. Zeintzuk dira ildo honetan aztertu nahi dituzuen gakoak?

Teknologia aurreratuenek industrian zuzenean izaten dute aplikazioa: robotak, 4.0 industria… Zailagoa izan ohi da, ordea, gu mugitzen garen komunikazioa eta marketin gaietan aplikazioa ikustea. Jardunaldi hauekin erakutsi nahi dugu badirela eredu eta teknologia berriak esparru honetan ere. Zehazki honako teknologia hauei buruz hitz egingo da Euskarabildua jardunaldietan: Adimen artifiziala, big data, machine learning, errealitate areagotua eta errealitate birtuala.

Hau da, irakurlea, eroslea edo publikoa oro har hobeto ezagutzeko sistemak; eskaintza pertsonalizatuak egitea ahalbidetzen duten teknologiak; eta hizkuntza naturalaren bidez bilatzen duguna ematen diguten sistemak, besteak beste.

Aurtengo edizioan nazioartetik datozen izen handiko adituak izango ditugu: Majken Sander, Christina Stathopoulos, Tobias Kammann edo Mikel Lekaroz.

Seigarrena izango da aurtengo edizioa. Zein arlo ikertu dituzue aurreko bost deialdietan?

Lehenengo Euskarabildua jardunaldia 2012an egin genuen eta ordutik gaurdaino urtero errepikatu dugu ekitaldia. Hauek dira orain arte jorratu ditugun gaiak: Euskararen sustapena teknologia berrien bidez (2012), Aukera berriak sarean (2013), IKTak hezkuntzaren mesedetan (2014), Pantailaz beteriko mundua (2015) eta Komunikazio emozionala: Gizartea mugiarazteko tresnak (2016).

Nazioartean ospe handiko jendea izan da gurean, beti ere, bertako errealitateari erantzun asmoz, bertako hizlari eta eragileekin elkarlanean: Pablo Iglesias, Maria Jose Loureiro, Katrin Oddsdottir, Galdric Peñaroja edo Filippo Vizzotto izan dira besteak beste gurean.

Oso lan eremu profesionalean diharduzue eta aldez aurretik “zaila” ematen duen auzia duzue esku artean. Zein publiko mota gerturatzen da jardunaldi hauetara?

Euskarabilduaren helburua teknologian interesa duen edonor biltzea da, ez perfil teknikoa edo espezializatua dutenak bakarrik. Teknologiak hainbat modutan lagun diezaiokeen edozein pertsonarengana, elkarterengana, administraziorengana edo enpresarengana heltzea da gure lehentasuna. Euskarabilduak perfil oso desberdinetako jendea elkartzeko gaitasuna duela erakutsi digu azken urteotan, izaera tekniko eta espezializatua izaera dibulgatiboarekin ondo elkartzea lortu dugu.

Adimen artifiziala, errealitate areagotua, errealitate birtuala, Big Data… Kultura eta sormen industrien eremuan, zein da teknologia aurreratuek egin dezaketen ekarpena?

Teknologia aurreratu hauek KSI sektorean izan dezaketen aplikazioa segur aski gizakion irudimenaren baitan ere badago. Horixe da hain zuzen jardunaldi hauen helburua, hainbat adibide ikusita, hortik eraikitzea eta sormenari bidea irekitzea, Euskal Herrian proiektu berritzaileak sor ditzagun. Hala ere, egia da zenbait adibide zehatz aipatu ditzakegula: Arkitekturan, esaterako, errealitate areagotuen aplikazioak erabiltzen hasi dira maketen ordez, bezeroek azken emaitza hobeto ikusteko aukera izan dezaten, eta moldaketak ahalbidetuz.

Edozein enpresetan marketinaren edo salmentaren esparruan, elkarrizketa naturalak egiteko gai diren makinak edo chatbot-ak aipatu ditzakegu, 24 orduz bezeroei arreta eskaintzeko gai direnak; edota paperetik abiatuta, iragarkiak 3D moduan ikusarazteko gaitasuna duten iragarkiak; baita iritsi nahi dugun bezero motaren perfila dabilen ingurune digitalean norberaren iragarkia txertatzeaz arduratzen diren plataformak. Adibide batzuk baino ez dira. Etengabe garatzen ari dira teknologia hauek eta etorkizunean izugarrizko hedapena izan dezakete.

Zein bide hartuko ditu etorkizunean Euskarabildua egitasmoak?

Urtero gai ezberdin bat hautatu ohi dugu ingurunean dauden joerei aurre egiteko asmoz eta euskal gizarteari eta euskarari ekarpena egiteko asmoz. Beti begiratzen dugu ingurura, kontuan hartzen ditugu baita ere jendeak proposatzen dizkigun gaiak eta unean uneko teknologia berritzaileak izan ohi ditugu jomugan. Horiei buruz hausnartuz, kanpoko esperientziak eta bertakoak ezagutuz, gehiago ikasi nahi dugu eta gurean aplikagarri izan daitezkeen balizko egitasmoak irudikatzea da helburua. Hurrengo edizioak planteatzerako garaian ere, helburu berdinarekin jarraituko dugu.

atzera

antolatzaileak:

Ametzagaiña taldea iametza interaktiboa Argia

babesleak:

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Foru Aldundia Donostia Euskara Donostia Fomento San Sebastián Spri Laboral Kutxa

laguntzaileak:

Asle Antza komunikazio grafikoa Azkue Fundazioa Antic Pays Basque BDS koop Beterri Debagoieneko Mankomunitatea Debegesa- Debabarrenako garapen agentzia Ehkom- Euskal Herrian telekomunikazio sare publiko-komunitarioak hedatzen EITB Elhuyar Elkar Emun Enpresabidea Gaia GISA Elkartea Goieki Hekimen Hernani Burujabe Hiritik At Irutxuloko hitza Hitz EHU Indeus Izarkom LAB irakaskuntza Langune Oarsoaldea Olatukoop Puntu Eus Reas - ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea San Telmo Seaska Steilas Talaios Teks Tolosadea garatzen Udalbiltza Udako Euskal Unibertsitatea

© 2012-2024 Euskarabildua - Ametzagaiña Taldea