2024 | 13. edizioa
TweetErabiltzen dugun teknologiaren ezaugarriak eta teknologia horien gainean dugun kontrola edo burujabetza maila bezain garrantzitsua da gure datuen kokapena, pribatutasuna eta kudeaketa. Datuen kudeaketa eta zaintza lokala, datu zentro lokalak, eskala txikiagoan sortutakoak, euskarazko corpusak eta informazioa ere metatzen dutenak, beharrezkoak dira, gure beharretara egokitutako teknologia sortzeko, lantzeko, gure hizkuntzari balioa emateko; teknologia gizakiaren mesedera erabiltzeko eta ez alderantziz. Euskal Herrian sortzen ari dira maila honetako ekimenak. Izarralde taldearen baitako IzarHost datu zentroa eta Zumaiako Abaila kooperatiba horren adibide dira.
Hain zuzen ere, Euskarabildua jardunaldian Alexis Guirlé Izarralde taldeko zuzendariak eta Xabier Garmendia Abaila kooperatibako kideak euren proiektuen nondik norakoak azalduko dituzte eta Maider Likonak gidatutako solasaldian datuen kudeaketa lokalaren beharrari eta garrantziari buruz solastuko dira.
Maider Likona informatikan ingeniaria da. 2005ean GISA software librea sustatzeko helburua duen elkartea sortu zuen. Horren ostean Bikonet kooperatiba sortu zuen eta egun, bertan goi teknikari bezala lanean ari da. Telekomunikazio azpiegituren alorrean ezagutza handia dauka. Likonak, Guirlék eta Garmendiak gaiaren ezagutzatik erabiltzaileei benetan arduratzen dieten gaiak mahai gaineratuko dituzte: Nola ordaintzen da hodeia? Zer gastu suposatuko luke Euskal Herri guztiko pertsonei zerbitzu duina eman diezaiokeen datu zentru bat (edo gehiago) sortu eta mantentzea?
© 2012-2024 Euskarabildua - Ametzagaiña Taldea